SARRERAKO OHARKIZUNA
Senideok: Urduritasunean bizi gara aspalditik, herrialde aberatsetakook, eta ahaltsuen propagandeak eragina dau gugan. Baina aldiei sinismen ikuspegitik begiratu nahi badeutsegu, eta Jainkoaren seme-alaba izaten ikasi, propaganda-iturria ebanjelioan bilatu behar izango geuke, sinisten dogun Jainkoa ezagutu, eta haren seme-alaba lez bizi izaten ahalegindu. Bide horretan beste urrats edo pausu bat izan daitela gaurko Eukaristia hau.
Sarrera-abestia: "Aita baten semeok..."
DAMU-OTOITZA
† Senideok, ez deusku atsegin betea ta zoriona legezko izateak emoten, edo aberastasun handien jabe izateak, Jainkoaren bihotz errukitsua ezagutzeak baino. Hurreratu gakiozan, apaltasunez:
—Jesus Jauna, Jainkoaren aita-amatasunaren barri emoten deuskuzuna, erruki, Jauna!
—Jesus Jauna, Jainkoaren benetako parkamen gozora garoazuzana, Kristo, erruki!
—Jesus Jauna, ahaltsu izatea errukior bihotzaz erakusten dala dinoskuzuna, erruki, Jauna!
Lehenengoa: Ex 32, 7-11.13-14
Gizakiaren aspaldiko ustea da bere bideetan bilatzea askatasuna ta zoriona. Eta argi euki behar dogu, jaio barria ama barik ezer ez dan lez, geu ere Jainkoagandik urrun ez garala ezer.
Erantzun-Salmoa: (50) "..."
R/. Erruki hutsa dogu Jauna, errukia ta maitasuna
Bigarrena: 1Tim 1, 12-17
Sinismenagaz topo egiteak barru-barrutik aldatu daike gizakia, eta beragan sortu dan barrikuntzearen barri-emoile bihurtzen dau. Zelango sinismena ete da gurea, barritu ez bagara, edo haren barri emoten ez badakigu? Hausnartu daigun irakurgai hau entzutean.
Ebanjelioa: Lk 15, 1-32
Lukas ebanjelariak Jesusengandik ikasitako Jainkoaren bihotzaren barri emongo deusku: maitalea, errukitsua... Egin deiogun harrerea, Aleluia abestuz, zutunik
"Aleluia".
JAINKO HERRIAREN OTOITZA
† Zuzendu deioguzan gure eskariak bere seme-alabenganako errukiz ta maitasunez beteriko Aita lez Jesusek erakusten deuskun Jainkoari, hauxe esanez: Jauna, erakutsi eiguzu Aitaren bihotza:
—Seme txikiaren antzera, Jainkoa euren amesen eta atsegin-bideen oztopo lez ikusten dabenen alde: Jainkoa dala gizakiaren atseginen ta zorionaren betetzaile bakar aurkitu daien, egin daigun otoitz.
—Bidegabekerietan ibiliz euren bizitzea itxuragabetzen dabenen alde: euren bihotz barruan aurkitu daien, kanpoan bilatzen daben zorion-iturria, egin daigun otoitz.
—Seme nagusiaren antzera, eginbeharraren eta arduren ta betekizunen morroi direnen alde, betebeharrok, behar bada, maitasun barik betetuz: behartsuengan aurkitu daiezan Jainko seme-alabak, euren senideak, egin daigun otoitz.
—Harrera on egiten ikasi daigun, parkatzen eta laguntzen, beharrizanean dagoena gutxietsi barik eta bere duintasunean hartuz, eta bere askatasuna errespetatuz, egin daigun otoitz.
—Jainkoaren erruki-maitasunen barri izateak, Jainkoa gugaz dan lango onak geu ere besteekaz onak izatera eroan gaizan, egin daigun otoitz.
—Gure inguruan ikusten doguzan txarkeria guztien gainetik ikusi ahal izan daigun Jainkoaren indarra lanean, guretzat ona baino besterik nahi ez dauana, egin daigun otoitz.
† Egizu, Jauna, zure maitasunaren eta errukiaren bizikizun gozoa izan daigula. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
OHARRAK
No hay comentarios:
Publicar un comentario