DOMUND EGUNA
Sarrera oharra
Barriro alkartzen gara domekaz senide lez Jesukristo berbiztuarekin bat egiteko. Gaurko gure batzarrak ikutu berezi bat dau, DOMUND eguna ospatzen dogulako, fedearen zabalkunderako mundu osoan ospatzen dan igandea; aurtengo goiburua hauxe da: «Zoriontsu sinisten dabenak».
Izan bekigu Eukaristia hau misiolari izatera deituta gagozela konturatzeko: batzuk Jesukristo iragarriz eta beste lurralde batzuetan alkar arduratuz; eta besteok hemen Ebanjelizatze asmoa onartuz: etorkinak geure arteko eginaz, justiziaren alde jokatuz edo Jesukristoren iragarpena sinisgabeen artean eginez.
Kristau herriko kideok alkarrekin jokatzera deituta gagozela gogoan hartuz, egin daigun otoitzean bat, eukaristia honetan beste leku batzuetako kristau alkarteekin, gu baino gehiago sufritzen dabenekin eta egoera larrian aurkitzen direnekin.
Sarrera-abestia: Aita baten semeok...
Abadearen agurra
† Aitaren eta Semearen...
—Amen.
† Munduko argia eta Salbatzaile dan Jesukristo gure Jaunaren grazia eta bakea izan bediz zuekin.
—Eta zure espirituarekin.
Damu otoitza
—Jesus Jauna, mundu hau barriztatzeko indar zaituguna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, munduarentzako egia, bidea ta bizia zarena, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zure maitasunaren testigu izatera deitzen gaituzuna, erruki, Jauna.
1. Irakurgaia (Ex 17, 8-13)
Gure ahaleginak lorpen askatzaileak emongo dauz, Jaungoikoa kontuan hartzen badau eta hari gurtza benetakoa emoten badeutsogu. Horrela ulertu eban Israelek bere ibilpidearen lehenengo aldian.
Erantzun salmoa
R/. Jaunagan dago errukia, harengan askatasun ugaria
2. Irakurgaia (2Tm 3, 14—4, 2)
Fedea doaia da eta emon egin jaku pertsona lez sakontasun ta askatasunez landu ahal izan daigun; eta fedea alkarbanatzea ta zabaltzea benetako eginbeharra da kristau batentzat, eta ez bakarrik egin ahal daiteken zeozer.
Ebanjelioa (Lk 18, 1-8)
Jainkoak bere seme-alabak zuzentasunean bizi izan daitezela nahi dau; bera batez ere gehien sufritzen dabenekin egiten da bat. Gaur ere Kristok zuzentasun eginkizun honetara bialtzen gaitu bere izenean. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
Jainko herriaren otoitza
† Beti otoitz egitera gonbidatzen gaituen Jaunaren berban uste on osoa jarrita zuzendu deioguzan gure gaurko eskariak:
—Mundu osoan zabaldurik dagoen Elizearen alde: Jesukristoren salbamenaren ezaugarri argia izan daiten, eta pertsona guztiengana heldu daiten mezu honegaz, eskatu deiogun Jaunari.
—Misiolari guztien alde, Jesukristoren Barri Onaren testigu gartsuak izan daitezan, behartsuengandik hur bizi, eta hitzez ta ekintzaz jakin daien itxaropena ta Jainkoaren maitasuna aldarrikatzen, eskatu deiogun Jaunari.
—Mundu honetako guda, injustizia, gose, gaixotasun, alfabetatze-eza eta bazterkuntza egoeratan murgilduta dagozenen alde; egoerok salatuak izan daitezan, eta egoera barri, zuzen ta anaikor bat egiztatzeko jokatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.
—Kristau ume, gazte eta helduek misiolari sena landu daien, Jesukristoren testigu izan gaitezan gure ikastetxe, bizileku, lantegi ta gizarte-hartuemonetan, eta gure inguruko erakundeetan sartu gaitezan pobreen ikuspegitik aldakuntzak ahalbideratzeko, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristia honetan alkartu garenon alde: kristau izatea misiolaria izatea dala aintzat hartu daigun, eta zuzentasuna, bakea ta senidetasuna indartu daitezan gure artean, eta munduko arazoekin arduratuta bizi izan gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
† Onartu Aita/Ama ona, konfiantza guztiaz zuzendu deutsuguzan zure seme-alabon otoitzak. Egizu pertsona guztiek ezagutu zaiezela zu eta zuk bialdutako Jesukristo Salbatzailea. Jainko ta errege bizi da-ta gizaldi ta gizaldietan.
—Amen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario